Azken asteetan
hainbatetan errepikatu dugun moduan, Covid-19a dela eta ezarritako alarma
egoerak espetxeetako egoera gogortu du, hainbat kasutan, muturreko
egoeretaraino eramanaz presoen eta euren senideen egoera.
Gaur egun,
gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso ditugu; 70 urtetik gorako bi preso
daude, 65 urtetik gorakoak 12 eta 60tik gorakoak 24. Estatu espainiarrean
kartzelan dauden euskal presoen %80a etxetik 1.000 eta 400 kilometro artean
daude eta Estatu espainiarrean dauden 198 euskal presoetatik 156, 1. graduan
daude. Honi, Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak ekarritako kalte
gehigarriak gehitu behar zaizkio; urruntze politika dela eta indarrean den
bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun
haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko
neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu
den.
Muturreko egoera
hauei Julen Atxurrak izan duen garuneko isuria gehitu behar zaio, Frantziako
Estatuak espetxean 30 urte daramatzan Jakes Esnalen baldintzapeko askatasuna
ekiditeko enegarrenez jarri duen helegitea, Josu Urrutikoetxeari aske uzteko
eskaera ukatu izana edo-ta hirugarren graduan egonik sei euskal presok
baimenarekin ateratzeko oraindik duten debekua gehitu behar zaie. Patxi Ruizen
egoera larria ere horren adierazle da, euskal presoei ezartzen zaien salbuespen
politikak eragin duen muturreko egoera, hain zuzen ere. Eta honek, euskal
presoen egoerari irtenbide bat emateko dagoen premia agerian uzten du berriz
ere.
Espainia eta
Frantziako gobernuek euskal presoei ezarritako salbuespen legedia bertan behera
utzi behar dute behin betiko. Egoerak berak erakusten duen urgentziaz. Hori
hala, eta egoerak sortutako urgentzia eta larritasuna dela eta, datorren ekainaren
20an, berriz ere, herritar oro mobilizatzera deitzen du Sarek, Sarasate Pasealeku
honetatik 17.30etan abiatuta Iruñeko espetxeraino eginen dugun martxa ibiltarian. ‘Izan
Bidea’ dinamikarekin bat eginez, preso eta iheslarien etxerako bidean
bultzatzeko, denok izan behar dugulako bide horren parte.
Hortaz, altxa
gaitezen, izan gaitezen bide horren parte eta ekar ditzagun presoak etxera,
bada eta ordua!