Miguel Sobrinorentzat ikasketa akaberako dirulaguntza


Beca de fin de estudios para Miguel Sobrino Etulain - Diario de ...
(Argazkia: Juan Mari Ondikol).

Urtero bezala Baztango Udalak bailararekin zerikusia duten ikasketa akaberako lanak eta proiektuak diruz laguntzeko dirulaguntza deialdia egin du. Aurten proiektu bakarra aurkeztu da deialdirat eta epaimahaiak ontako emanik, onuraduna Miguel Sobrino Etulain arizkundarra izanen da,  historia graduko ikaslea EHUko Gasteizko Letren Fakultatean. Lana aurkeztu ondotik 500 euroko saria jasoko du.

Sobrinok Baztango kaparetasun unibertsalari buruzko lana eginen du. Lan horretan aztertuko du XVIII.  mendetik aitzinera bailarako auzokide izateko irizpideak nola joan ziren zorrotuz; denborarekin kapareen murrizketa etorri zen eta, ondorioz, abantaila horien nolabaiteko esklusibizazioa. Aldi berean gatazka sozialak ere auzokideen eta biztanleen artean.

Ikerketa egiteko bibliografiaren azterketa eta agiritegietako agiriak miatuko ditu.

Epaimahia Lekaroz ikastetxeko eta Elizondoko lanbide heziketa ikastetxeko zuzendariek, Baztango Cederna-Garalurreko teknikariak eta Baztango alkateak osatu dute.

2016an lehen aldiz deialdia egin zenetik denera zortzi laguntza eman dira eta Baztanekin zerikusia duten lan hauek egin dira: turismoa Baztanen, XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxeen tipologia,  mutil-dantzak eta emaztekien parte hartzea, Baztango haur eskolaren proiektu pedagogikoa, Amaiurko euskararen berezitasunen azterketa,  emakume etorkinen egoerari buruzko lana, Baztango nekazaritza XVI. mendetik XVIII. menderat eta Baztango turismoa iraunkorra al da? izenburuko lana.

Deialdiak urtero 500 euroko lau dirulaguntza banatzen ditu gehienez.