Europako hondakinen prebentziorako astea baliatuz eta hainbat kasutan bertak komertzioekin elkarlanean, Baztango Udalak hainbat sentsibilizazio ekintza antolatu ditu heldu diren egunetarako. Ekintza hauek jendartea hondakinen prebentzioaz ohartarazi, kontzientzia piztu eta gure eguneroko bizitzan praktikan jartzeko baliabideak eskeintzea dute helburu.
Urtero bezala, akitzen ari garen urte arraro honetan ere eta behar bada inoiz baino indar handiagoz, Baztango Udalak hondakinen prebentzioaren inguruko hainbat ekintza burutuko ditu ondoko egunetan. Ekintza hauek Europako Hondakinen prebentziorako astearen baitan antolatzen dira eta aurtengoan aste hau azaroren 21a eta 29a bitartean ospatuko da. Mundu mailan ospatzen den aste honen harira eta erran bezala, gaiak gaur egun bizi dugun egoeraren aitzinean hartzen duen garrantzi berezia ikusirik, Udalak Baztandar guztiak ekintzetan parte hartzera, zabaltzen diren mezuen inguruko erreflexioa egitera eta gure eguneroko bizitzan ohitura jasangarriak aplikatzera animatu nahi ditu.
“Ibaietako bertze arrainak”
Erakusketa Nafarroako Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoaren eskaintzari esker eta Bertan merkatari eta zerbitzuen elkartearen laguntzaz egurrezko 15 panelez osaturiko erakusketa hau Baztanen izanen dugu ikusgai hilabete batez. Udaletxeko atean hasi eta bukatzen den istorio honek Baztango hainbat establezimentu zeharkatzen ditu hurbiltzen diren herritarrei gure gaur egungo kontsumo ereduak eta sortzen ditugun hondakinak ongi ez kudeatzeak sortzen ahal dituen eta gaur egun ia gure ibai eta itsasoetan sortzen dituen arazoetaz ohartarazteko intentzioz.
Erran bezala 15 panel ikusgarriz osaturiko erakusketa honek gure ohiturak ez aldatzekotan, etorkizun ez oso urrunean gure ibai eta itsasoetako bizidun berriak nolakoak izanen diren erakusten digu.
Aste honetan zehar hondakinik gabeko erosketek saria izanen dute
Aste honetako bertze ekimen bat haragia eta arraina erosteko tuperren erabileraren sariketa izanen da. Aste honetan zehar erosketetan tuperra erabili eta beharrezkoak ez diren bildukiak saihesten dituztenek hondakinen prebentziorako opariak jasoko dituzte.
Elikagaiak garraiatzeko karrotxen banaketa
Kasu honetan ere Nafarroako Hondakinen prebentziorako bulegoaren aportazioari esker, eta hondakinen prebentziorako astea baliatuz, baliabide urriko familiei janaria garraiatzeko eta poltsa eta gainerako erabilera bakarreko bildukiak saihesteko asmoz elikagaien bankuko janariak garraiatu ahal izateko erosketako karrotxak banatuko zaizkie.
Traste haundien bilketa egokirako kanpaina
Traste haundien kudeaketa, Baztandik haratago doan arazoa izanik eta gaur egun bizi dugun osasun egoerak arazoa larriagotu duela ikusirik, kasu honetan Nafarroa osoan batera eginen dugu kanpaina bat da aurkeztu nahi duguna. Ondoko egunetan bertako komunikabideetan eta sare sozialetan zabalduko den kanpainaren bitartez, gainetik kendu nahi ditugun traste haundiak dagokion telefonora deituz egitera bultzatu nahi ditugu herritarrak.
Plastikorik gabeko astea ikastetxeetan
Europako Hondakinen Prebentziorako Astea baliatuz baita ere, Baztango ikastetxeak aste honetan kontzientziazio ariketa berezi bat egitera animatu ditugu. Donostiako Cristina Enea Fundaziotik jasotako proposamen bat baliatu dugu bailarako ikastetxeak parte hartzera animatzeko, zenbaitzuk parte hartuko dutela adierazi dute.
2021ek Hondakinen Egutegiaren banaketa
Aurtengo Hondakinen Egutegia Baztango Udalak eta Malerrekako Hondakinen Mankomunitateak Baztango eta Malerrekako merkatarien elkarteekin (Bertan Baztan eta Denok Bat) elkarlanean egin dugu. Egutegiak ikastetxeen bitartez banatuko dira eta Udaletxean bertan eta Bertaneko komertzioetan ere eskuratzeko aukera izanen da aste honetatik aitzin.
Prebentzioa haur sortuberrietan
Gaur egun sortzen diren haurren etorkizuna gure eskuetan dagoela ikusirik eta haur hauekiko eta beren etorkizunarekiko gurasoek duten erantzunkizuna azpimarratu nahian, “hondakinen prebentzioa haur sortuberrietan” eskuorria prestatu du Baztango Udalak. Haur sortuberriak dituzten familiendako, bizitzako haserako fase honetan sortzen diren hondakinek beren etorkizuna nolabait baldintzatu dezaketela oroitaraziz eta bide horretan lagundu asmoz, Baztanen sortzen diren haurren gurasoei helaraziko zaie aurrerantzean eskuorria.