Jarraian, Erdiz Bizirik eta nekazariek egindako agerraldiaren berri duzue:
"Jakinen duzuen bezala Magnak bere prozesu “parte hartzailea” burutzeko enpresa bat kontratu zuen Erdizen egin nahi duen meategiaren proiektua aurkeztu baino lehen Batzandarron eta batez ere nekazarion iritzia entzun eta ondotik ekarpen hoiek meategiaren proiektuan barnebiltzeko. Horrela bada, aste honetatik aitzinera Baztango 4 kuarteletan bilera irekiak eginen omen dituzte “Erdizko bazkalekuan nekazaritza estentsiboa sustatzeko” proiektua aurkezteko. Honen aitzinean, ondoko puntu hauek argitu nahi ditugu:
1. Baztango nekazariak ez gara ergelak eta badakigu Erdizen nekazaritza estentsiboa sustatzeko zer egin behar den: 100 hektareako zuloa larre hoberenetan ez egin, lur azpiko iturriak eta errekak ez hil eta inguruak errautsez, pistaz eta makinaz ez bete. Gainera zuek kontratatutako langileek erran behar al digute gure azienda noiz non eta nola ibili daitekeen? Zuek agindu behar al duzue Saioako mendiari puska bat kendu eta hau bazkalekuan sartzea?
2. Baztango Batzar Nagusiak, berriki, batzorde bat osatua du herri galdeketa egin ahal izateko gai honen inguruan. Hor adostu beharko litzateke parte hartze eta erabakitze prozesua. Gauzak horrela ondokoa galde egin nahi diogu Magnari: Baztandarron hitza errespetatuko duzue? Zuen konpromisoa dugu ez duzuela ondotik UGEP edo espropiazio prozedurarik abiatuko?
3. Aitzineko galde moduak erantzuten ez dituzuen bitartean ez dizuegu zilegitasunik onartzen inolako parte hartze prozesurik egiteko, zeren badakigu zertarako erabili nahi dituzuen solasaldi ireki hauek: zuen proiektua nekazarion eta Baztandarron hitza errespetatu gabe inposatzeko!
4. Erdizko bazkalekuan 2 aukera daude: nekazaritza edo meategia, bizitza edo heriotza, tokiko ekonomia edo multinazionalak. Guk garbi dugu zer nahi dugun, zeren behin Erdizen sartzen uzten bazaizue betiko hondatuko duzue.
Badakigu Magnak bilera hauek parte hartzea justifikatzeko, nekazariak proiektuarekin ados gaudela eta herri galdeketa ez dela beharrezkoa errateko erabiliko dituela. Hortaz eskaera hau egin nahi dizuegu nekazari eta Baztandar guztiei: ez parte hartu jardunaldi hauetan!."