Ipar Euskal Herrian Mendia eskualdeko parke naturala sortzeko eginahal azkarra abiatu dute; egitekotan, parke horretan Baztanekin muga egiten duten udalerri guztiak sartzen ahalko dira. Proiektuarekin Ipar Euskal Herriko mendialdearen garapen iraunkorra bulkatu nahi dute, ingurumena, ekonomia eta alderdi soziala kontuan hartuz. Horiek denak Baztanendako ere interesgarriak direlakoan, Parke naturala tokiko garapenerako tresna mahaingurua eginen dute Baztanen, apirilaren 16an, atsaldeko 19.00etan, Iruritako Gizarte Bilgunean.
Mahainguruan Battita Laborde (Euskal Hirigune Elkargoko Mendiko kontseilari delegatua eta Euskal Mendia eskualdeko parke naturaleko Zuzendaritza Batzordeko burua); Andde Sainte-Marie (Akitania Berria Eskualdeko Kontseilaria eta Mendigune-Artzaingo delegatua); eta Pablo Muñoz Trigo (Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendari Nagusia) izanen dira.
Hitzordua Arras Baztan elkarteak eta Baztango Udalak antolatu dute. Aforoa mugatua izanen da eta sarreran, urririk, Arizkunenean kultur etxean hartzen ahalko dira.
2018an parkea egiteko aukeren azterketa egin ondotik, orain estatutuen idazketa hasiko dute. Parkeak Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoko 111 herri hartuko lituzte.