Proiektu txikitzailea gelditu!!!

 




Jarraian Aroztegia eta gero zer? plataformak eta Baztango Baztango Gazte Asanbladak atera duen oharraren berri eman nahi dizuegu:

"Azken egunetan ikusi dugu Lekarozko Aroztegia eremuan hasi direla eskabadorekin eta motozerrekin gure inguruko arbolak mozten eta ingurua xehatzen. Aunitzetan erran dugun bezala proiektu txikitzaile hau gure ingurua, hizkuntza, kultura eta bizimodua desagerrarazteko helburuarekin egin nahi da.

Lekarozko herriak, Baztan osoak eta Nafarroa mailako hainbat eragilek adierazi dugu behin eta berriz pelotazo urbanistiko honen kontra gaudela. Hala ere, Nafarroako Gobernutik modu zikin eta inposatzailean proiektu hau UGPSa bezala bideratu da espekulazioa eta iruzurra helburu duten enpresen mesederako. Modu honetan enpresari hauei herri lurrak eta herriko nekazal lurrak desjabetzeko eskumena emanez, betiere bertako herritar zein instituzioen erabakitzeko eskubidea urratuz.

Onartezina da nola azkenengo hamarkadan Nafarroako Gobernuan egon diren alderdi guziek ahalbidetu eta bultzatu duten bidegabekeria hau. Bizikidetza eta bake soziala bezalako hitz panpoxekin ahoa betetzen duten bitartean herriak eta landa eremua etengabe erasotzen dute. Herritarren interesen alde aritu beharko liratekenak espekulatzaileen eta kapitalaren menpe daudela ikusirik, gure herriak eta bizimoduaren defentsa gure esku hartzea bertzerik ez dugu.

Honengatik, Baztandar, Nafar eta euskaldun guziak deitzen ditugu hurrengo egunetan gure lurra, hizkuntza, kultura eta bizimoduaren alde eginen ditugun mobilizazioetan parte hartzera. Inposizioaren aitzinean desobedientzia! Bihar arratsaldeko 3 eta erdietan Lekarozko Plazan. Aroztegia geldituko dugu! Herritarren hitza errespetatu!"

Gaur biltzeko deialdia egina dute, 15.30etan, Lekarozeko plazan.