Lekarozko alkatetza taldeak ohar bat igorri digu eduki hauen inguruan:
"Hamaika argudio ditugu Aroztegiko proiektuari ezetz errateko: garapen eta turismo ereduei lotuak, ingurugiroaren aldekoak, gure hizkuntzarekikoak, Baztanek duen etxebizitza arazoarekin zerikusia dutenak, Lekarozko ur horniduraren inguruko zalantzak, baztandarron mundu ikuskeraren ingurukoak... Baina, nola eta non eztabaidatu gainetik inposatzen zaigunean?
Lekaroztarroi eta Baztandarroi Aroztegiko egitasmo urbanistikoa inposatu egin zaigu. 2009an herriko batzarrak deitutako herri galdeketan Lekaroztarrok ezetza eman genion proiektuari, eta 2016an Batzar Nagusiak antolatutako herri galdeketan Baztandarrok ezetza eman genion proiektuari. Hala ere, erran bezala, egitasmoa inposatu egin zaigu, Nafarroako Gobernuak Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plana (UGEP) onartu ondoren. Agerikoa denez, UGEP-a bertako herritarren eta instituzioen borondatearen gainetik pasatzeko trikimailua izan zen.
Gauzak horrela, eta lanak esleitzeko prozedura, bertzeak bertze, epaitegietan egon arren, apirilean bide publikoak itxi zituzten eta hondeamakinak Aroztegiko inguruetara sartu ziren. Herritarren mobilizazioak berehala hasi ziren. Poliziaren jazarpena izan arren, elkarretaratze jendetsuak ikusi ditugu Lekarozko plazan, “Aroztak” ekimenak lanak gelditu zituen akanpada mugagabearekin, Baztango hainbat alkatek elkartasun agiria sinatu zuten, Lekarozko frontoian ekimen kulturalak egon dira eta, sare sozialetan ikusi ahal izan dugun gisan, Baztango herrietako plazetatik aparte, Euskal Herriko hainbat zokotatik ailegatu dira elkartasun mezuak proiektua salatzeko.
Herritarren mobilizazioei esker, hondeamakinak lekutu behar izan zituzten, ospatzekoa dena inolako zalantzarik gabe. Orain baina, hondeamakinek gibelean utzi dutena agerian geratu da eta Lekarozko alkatetza taldetik egun gutxitan egin duten txikizioa salatu nahi dugu: hamarnaka arbola bota dituzte, ehunka urte zituzten haritzak moztu dituzte, pista berriak ireki dituzte nekazal lurrak xehatuz... Txikizio honen adibiderik lazgarriena, beharbada, Sukiletx inguruan gertatutakoa dugu. Inguruko arbolak mozteaz gain, Telleria errekako bazterrak xehatu dituzte hondeamakinen pasoarekin, baita harrizko zubia bera ere. Hondeamakinak erreka gainetik pasatu ahal izateko harrizko zubiaren bazterreko paretak birrindu dituzte eta zubia bera kaltetua izan da pisu handiko makinen lanaren ondorioz.
Herriko bazterrak bortxatuak ikustean zaila da lekaroztarrok sentitzen duguna adieraztea, baina gero eta argiago dugu Lekaroz den bezala maite dugula, lurrari lotua, pelotazo urbanistikorik gabe.
Azkenik, Aroztegiko proiektuaren ondorioz beren lurrak galdu eta kaltetuak izan diren herritarrei gure elkartasuna helarazi nahi diegu eta, bide batez, Nafarroako Gobernuari UGEP-a bertan beheiti utz dezan eta baztandarron borondatea errespeta dezan eskatzen diogu. Hortaz, herritarrak animatu nahi ditugu “Aroztak” ekimenak hurrengo maiatzaren 15erako Elizondon antolatu duen manifestazioan parte har dezaten.