Euskarari eusten diogunean, ingurukoak ere euskaraz aritzeko giroa sortzen dugu. Zabaldu egiten dugu euskaldunak euskaraz aritzeko modua, hitz bakar bat nahikoa duen kodearekin. Gainera, hurbiltasunetik, adiskidetasunetik eta konplizitatetik aritzen gara askotan, eta tximeletak oharkabean hedatzen dira, euskarari bizia emanez. Euskarari eusteak duen garrantzia erakusten du bideo honek, solasaldi informaletan ere euskara naturaltasunez biziberritzeko.
https://www.arnasagara.eus/ ekimenaren baitan sortu da bideo hau. Euskararentzat arnasguneak diren udalerriak zein bertako herritarrak ahalduntzea eta dagokien aitortza egitea dira ekimen honen oinarri nagusiak.
2019an Arnasa Gara kanpaina garatu zuen Hiruko Itunak UEMArekin batera. EiTB-k ekoitzitako ‘Kartzela’ serie digitala eta herriz herri egindako ekitaldiak izan ziren kanpainaren muina. Denetara 21 herrietan egin ziren aurkezpen ekitaldiak eta 1.000 lagun baino gehiago batu ziren, kezkak, gogoetak eta erronkak konpartituz.
Aurten Arnasa Gara bigarren kanpaina abiatu da, iazko kanpainatik ateratako ondorioetan sakontzeko helburuarekin. ‘Arnasa Gara – egunerokoan zer?’ kanpainak arnasguneei lotutako zortzi ideia zehatz landuko ditu astean behin sareratuko den esketx baten bidez, iazko kanpainan ateratako ondorioak oinarri dituztenak. Helburua arnasguneetako herritarrek euren arazo eta erronketatik abiatuta ahalduntzerako urratsa ematea da eta arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia azpimarratzea.
Kanpaina nagusiaren sustatzaileak UEMA, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua dira. Hauen laguntzarekin ekoiztu ditu Hiru Damatxok kanpainaren ardatza izango diren zortzi esketxak.