Joan den maiatzaren 21ean Aroztak herri ekimenaren batzarra egin zen, maiatzaren 15eko manifestazioaren balorazioa egin eta biharamunean jasotako erantzun errepresiboa baloratzeko.
Prentsa ohar baten bitartez batzarrean ateratako ondorioak plazaratu dituzte:
"-Maiatzaren 15ean egindako manifestazioaren arrakastak gure borrokaren zilegitasuna eta indarra berresten du. Baztanen egin den manifestaziorik jendetsuena izan zen, 2500tik gora lagunek parte hartu zutelarik. Nabarmen gelditu da, berriz ere, herri honek ez duela proiektu hau gauzatzea nahi eta prest dagoela hau gelditzeko lanean segitzeko. Ohar honen bidez eskertu nahi ditugu hau posible egin izan duten herritar guztiak.
-Bertze bide guziak agortu diren momentu honetan karrikak, oihanak eta belagiak hartzea da bide bakarra Palacio de Arozteguia S.L eta kudeatzaile lanetan dabiltzan ordezkari politiko guztiak UGEP (Udalez Gaindiko Eragina duen Plana) hau bertan behera uztera behartzeko. Herria mintzatu da eta gobernuari dagokio herritarren nahia betetzea.
-Zoritxarrez enpresaren zein gobernuaren joera inposatzaileari jarraikiz, erantzuna berriz ere jazarpen judiziala eta poliziala izan da. Manifestazioaren biharamunean Aroztegiko egitasmoaren aurka lanean aritutako 10 kide polizia etxean deklaratzera deituak izan dira. Bertze gauzen artean gure ingurua xehatu, herri lurrak zein bertako nekazarien lurrak bereganatu eta gure bizimodua suntsitu nahi duten horiei, kalte psikologikoak eragin zaizkiela leporatuz.
-Gezurrez betetako txosten polizial batean oinarritua, herri hau bizirauteko altxatzen den bakoitzean gertatu ohi den bezala, gure duintasunaren eta etorkizunaren alde den borroka hau kriminalizatu nahi dute. Argi utzi nahi diegu XXI. mendeko inkisizioaren oinordekoei, ez gaituztela isilduko eta ez gaituztela geldituko.
-Errepresioarekin gibelerat pausua eman behar genuela uste zuten horiei jakinarazi nahi diegu gure borrokarekin segituko dugula, Aroztegiko UGEPa bertan behera gelditu arte. Horretarako ondoko asteetan Euskal Herrian barna ibiliko gara gure borrokaren berri ematen eta gure sareak sendotzen".