Eskola Ekosoziala uztailaren 10 eta 11n




Uztailaren 10 eta 11n, Udako Eskola Ekosoziala antolatu du Baztango Eskola Ekosoziala taldeak Elizondon, Baztango Udalaren, Garua kooperatibaren eta Iratzar fundazioaren laguntzarekin.

Jarraian aipatzen den irakurketa egin zuten prentsaurrekoan, bertaratzeko deialdia luzatzearekin batera:

Krisi multisistemiko baten aitzinean gaude. Bioaniztasunaren galera, aldaketa klimatikoa, krisi energetikoa, lehengaien krisia, zaintzaren krisia, baliabide materialen eskasia, globalizazioaren krisia, sistema ekonomikoaren krisia… gero eta jasanezinagoa den egoera dugu. Egungo garapenaren eta hazkundearen jendarteak bizitzari gerra deklaratu dio, eta berau bermatzen duten oinarrien hondatzea eta agortzea dakar.

Ez dakigu euskal jendartea kontziente den, baina lur planetan bizitza posible egin duten baldintzen hondatzeak, gizakiak munduan bizitza duina izateko aukera eta bere biziraupena bera ere kolokan jartzen du. Ez da harritzekoa, hortaz, gero eta gehiago izatea giza historiako une erabakigarrienean gaudela dioten ahotsak. Baina ahots horiek ez daude erdigunean Euskal Herrian.

Eta hau dena, areagotuz doan desberdintasun sozial baten testuinguruan gertatzen ari da. Gizateriaren gehiengoaren oinarrizko eskubideak eta baliabideak urratzen eta debekatzen dira: lurraren gaineko eskubidea, elikadura, ura edo osasun-zaintza. Txikitzen joanen den gutxiengo baten botere nahiak eta zentzugabeko gehiegizko kontsumoak eragiten du hori; munduan barna lehengaien gaineko kontrola helburu duten gerrak, jende uholde izugarrien migrazioak eta gero eta ugariagoak diren gatazka sozialak sortuz.

Era berean, aipagarria da egungo kultura patriarkal honek sortzen duen zaintza krisia, ikusezin bilakatzen duen lana emakumeei inposatzen baitie. Biziraupen indibidual eta kolektiborako erdigunean jarri beharreko afera da, krisi hau soilik berdintasun egoeran eta jendarte guztiaren ardurarekin konpondu ahalko baita.

Horregatik guztiagatik, ekologismoa bera, edo “berdea” den gauza oro modan dagoen honetan, kontzeptu hau gai sozialekin lotzeko beharra dago; azaldu den gisan, hondamendi ekologikoak hondamendi soziala ere erran nahi baitu. Hitz batean, arazo ekologikoa, politikoa da.

Ezin dugu egungo bizimoduarekin -produkzio eta kontsumomoldeak- jarraitu, mugatua den planeta batean, gure ekonomilariak hazkunde etengabean pentsatzen, zientzia fikziozko teknologia berri batzuek salbatuko gaituzten itxaropenean. Egungo ataka estura ekarri gaituen kultura suizida hau aldatzeko, eta bakean eta duintasunez bizitzeko, jakintzak sortzea beharrezkoa da. Eta Euskal Herrian ez daude behar aski espazio hausnarketa horretarako.

Uztailaren 10 eta 11n Baztanen eginen den ikastaroaren helburuetako bat egoera honetara ekarri gaituen jendarte industrialaren logika ekonomiko, sozial eta kulturalaren analisia egitea da, oinarrizko kontzeptuen errebisioan sakonduz. Justizia sozialean oinarritutako mundu ikuskera eta estrategia jasangarriagoen hausnarketa ere bilatuko da, begirada alternatiboak bistaratuz. Gogoeta hutsetik harago, eztabaidarako txokoa eta etorkizuneko aterabideetarako tresnak eskainiko dira. Horretarako, Euskal Herrian dauden hainbat ekimenen gaineko gogoeta eta eztabaida proposatuko da.

Kanpotik etorriko dira une honetan gai hauen inguruan dauden aditu nagusienetariko batzuk; Garua kooperatibako Abel Esteban, Charo Moran eta Luis Gonzalez Reyes, hain zuzen ere. Euskal Herritarrak ere izanen ditugu hizlari: EH PostCovid19 manifestuko Mirene Begiristain, Bizi Mugimenduko Elise Dilet eta Antton Hariñordoki, lanaldiaren murrizketaren inguruan solastuko diren Iratzar fundazioko Joseba Permach eta Idoia Zengotitabengoa, Lurzaindiako Isabel Capdeville eta Koop57-ko Jone Etxeberria.

Gaian interesa duen ororentzako da eskola eta aurrez jakintza berezirik eskatu ez arren, formakuntza sakon bat ematea helburu duena. Bi eguneko ikastaroa izanen da, lau bloke nagusitan antolatuko dena etametodologia parte hartzailea izanen du.

Uztailaren 10ean, larunbata, 10:00etatik 13:00etara, Abel Esteban Garuako kideak “Krisi multisistemikoa: ekologikoa, soziala eta ekonomikoa” tailerra gidatuko du. Arratsalde horretan bertan, 16:00etatik 19:00etara, Charo Moran Garuako kideak “Lurraren kultura berria” aurkeztuko du, ezinbertzekoa dugun kultura berria eraikitzeko gakoak emanez.

Uztailaren 11n, igandea, 10:00etatik 13:00etara, Luis Gonzalez Reyes Garuako kideak “Etorkizuneko agertokiak eta estrategiak” tailerra gidatuko du. Lehen hiru tailer hauek gazteleraz izanen dira.

Amaitzeko, 16:00etatik 19:00etara, “Alternatibak Euskal Herrian” saioa izanen da. Euskaraz eskainiko da eta EH PostCovid19 manifestuko, Bizi Mugimenduko, Iratzar fundazioko, Lurzaindiako eta Koop57-ko kideek hartuko dute hitza, eztabaida partehartzaile gisan.Saio honetako gaien artean, ezohikoena izan daitekeen lan orduen murrizketaren ingurukoa aski interesgarria da.

Ikastaroa aire zabalean burutuko da Elizondoko merkatu plazan eta eguraldi txarra eginez gero, Elizondoko Arizkunenea kultur-etxean.

Ikastaroaren kuota 40 eurokoa da eta 40 lagunendako plaza mugatuak izanen dira. Aurrez izena eman beharko da www.eskolaeokosoziala.eus web-gunean. Bertan ikastaroaren inguruko xehetasun gehiago ageri dira. Bazkaria ere eskainiko da (9 euroko prezioa egun bakoitzeko otordua) eta bertako produktuekin egindako menu begetarianoa izanen da.

Formakuntza eskola benetan berezi eta aberasgarria izanen delakoan, denei luzatzen dizuegu gonbita.