Baztan uhaldean barna

 


Baztango talde ekosozialak antolaturik Baztan uhaldeari jarraikiz Elizondon barna ibilaldia egin zuten atzo Arturo Elosegi EHUko irakasle eta ekologia katedradunarekin. Ibilaldia Elizondo eta Elbete arteko Askoko zubian hasi zuten, Giltxaurdiko meandroan barna behetiko karrikatik Muniarteko zubira joanez eta Opokan ibilaldia akituz.

Lehendabiziko solasetik Elosegik ohartarazi zuen klimaren aldaketarengatik erauntsi bortitzagoak ezagutuko ditugula eta uberroak maizago eta handiagoak izanen direla. Hortaz, uberroak saihestea ezinezko izanen denez, kalteak arintzeko eta prebenitzeko lana egitea beharrezkoa dela. Horretarako, uhaldea herrian sartu baino lehen zabaltzeko eta gainezka egiteko tokiak behar dituela ohartarazi zuen. Aldi berean, Txokotoko presa solasbide harturik, uberroen kalteak guttitzeko zati batean bederen bota beharko litzatekeela aipatu zuen, modu horretan uhaldea 4 metroan jautsiko litzatekeelako, presak duen neurri berean hain zuzen.

Nolanahi ere ibilaldiaren helburua uhaldeko ekosistema hobekiago ezagutzea izanik, bertze hamaika kontutaz aritu ziren. Horrela uhalde bazterretan zuhaitzak egotearen garrantzia aipatu zuen, zuhaitzen zainek erreka garbitzen laguntzen baitute, eta itzalak berriz, ura freskatzen hainbertze arrain eta animaliendako. Zuhaitzei buruz platanondoak eta akaziak kanpoko espeziak izanik, haltza, zumarra eta hurritza tokiko espezieen alde agertu zen.

Bertzalde, nekazaritzako purinen %30 uhaldera ailegatzen dela aipatu zuen eta, horregatik, alga gehiago daudela.

Modu berean, kutsatzaile berrien eraginekin kezkatuta agertu zen Elosegi, geroz eta gehiago hartzen ditugun botikak uhaldeetan ondorioak izaten hasi direlako, arrainetan adibidez, sexu aldaketak antzeman dituzte. Araztegiek, ez dituzte botiken arrasto guztiak kentzen ahal.

Gainerakoan uhalde bizi batek, ur-lasterrekin, uhalde bazterreko zuhaitz, sasi eta itzalekin, enborrekin… ura garbitu eta arazteko ahalmen handia duela erran zuen.