"Mugimenduan gaude, lurrikara gara"


Argazkia: Ondikol.

Urriaren 9 eta 10eko asteburuan Elizondo gazte feministez bete zen, «Mugimenduan gaude, Lurrikara gara!» lelopean egindako Euskal Herriko Neska Gazteon Baterajotzean.  

600 lagun inguru bildu ziren Elizondoko karriketan antolatutako mahai-inguru, solasaldi, tailer, kontzertu eta manifestazio jendetsuan: "Euskal Herriko neska gazteok beste behin ere indarra erakutsi dugu, geroz eta herri gehiagotan neska gazte talde berriak sortuz eta nazionalki saretzeko gaitasuna azaleratuz», adierazi zuten.

Izan ere, «datozen urteetan erne ibili behar dugu, garai zailak datoz, osasun krisi honek gure bizitzak erasotuko dituen krisi anizkoitza ekarriko duela badakigu eta prest egon behar gara errealitate bortitz honi erantzuteko eta aurre egiteko».

Haien esanetan, «zeregin eta lan handia dugu honi aurre egiteko, gure bizitzak nola nahi ditugun aldarrikatzeko, orain arte kontutan izan ez dena berriz ere oihukatzeko eta Euskal Herri feminista lortzeko». 

Horregatik deitu zuten Euskal Herriko neska gazteon Baterajotzea. «Indartsu gaude bai, baina baterajotzetik inoiz baino indartsuago aterako gara», nabarmenduz. Elizondoko irudiak eta giroa ikusita, ez dago zalantzarik indartsu atera direnik!