Arizkunen harrobiaren proiektuaren aurka herritarrak







Arizkungo Aintzialde eta Bergara auzoetan zundaketak egin nahi ditu Canteras Acha S.A enpresak,  burdin-harria atera eta harrobia egin ahal izateko. Zundaketak egin nahi dituzten eremuan XV. eta XVIII. mende arteko baserriak daude, baita zenbait abeltzaintza ustiategi ere.

Harrobiak Arizkunera ekar litzakeen ondorioez kezkaturik, herritarrek batzarra burutu berri dute,  bertan parte hartu zuten herritar guztiek, 155 lagunek, proiektuaren kontra bozkatu zutelarik. Herritarrek Milotxuri Bizirik plataforma sortu dute harrobiaren proiektuari aurre egiteko eta lehen elkarretaratzea burutu dute arrakastaz, 250 lagun inguru elkartuz. 

Milotxuri bizirik plataformak eta Imanol Etxeberria Arizkungo alkateak jakinarazi dutenez, joan den azaroan «prentsaren bidez» jakin zuten Arizkungo Aintzialde eta Bergara auzoetan zundaketak egin nahi dituela Canteras Acha S.A enpresak, horren ondoren burdin-harria atera eta harrobia egin ahal izateko. «Herria mindua dago egitasmoaren berri izan duen moduarengatik. Lur komunaletarako Batzar Nagusian ez da notifikazio edo baimen eskaerarik sartu, jabego pribatuen kasuan bezalaxe», adierazi zuten jakinarazpen baten bitartez.