Aroztak: "Udaberriak irabaziko du"



Argazkia: Ondikol.

Aroztak herri ekimenak jarraian aipatzen dugun oharra plazaratu du, Aroztegiako parajeetan egon zen desobedientzia ekinaldietan ustez parte hartzeagatik, sei herritarrek epailearen aitzinean deklaratu behar dutela eta: 

"Baztango Lekaroz herria udaberrian loratu zen bere lurrak defendatzeko nahiarekin, espekulazioaren mamurrua ate joka ailegatu eta herriak eguzki handi, sano eta baketsu batekin erantzun zuen. Zorionak! Palacio de Aroztegia SL eta TEX etxerat igorri genituen.

Erantzun hori Euskal Herriko eragile, norbanako eta mugimendu anitzi esker gertatu zen, denak eskutik harturik lortu genuen. Argi gelditu zen Aroztak mugimenduarekin jende anitzek bat egiten duela, jendartea zaharkitua den garapen eredu kapitalistari planto egiteko prest dagoela: Aroztegia, Arbona, etxebizitza eskubidearen aldeko mugimendua….

Orain egun guti negua ailegatu den honetan, sei herritarrek epailearen aitzinean deklaratu beharko dute Aroztegiako parajeetan egon zen desobedientzia ekinaldietan ustez parte hartzeagatik. Ohar honen bidez gure aldetik babes osoa adierazi nahi diegu. Ez dugu uste onargarria denik horrelako mugimendu baketsuei errepresioarekin erantzutea. Bortxaz Aroztegiko parajeak ebatsi nahi dizkigute, bortxaz gure haritz zaharrak botarazten dituzte, bortxaz gure beharrei erantzuten ez dien eredu bat inposatu nahi digute, bortxaz epaitegietarat igortzen digute. Bortxa da beraiek ezagutzen duten hizkuntza bakarra.

Negua ailegatu da bai, baina lurra berriz ernatuko da eta udaberriak irabaziko du, herri batek badakielakoz lurra eta bizitza zaintzeak gure herri ttikien etorkizuna bermatzea ekarriko duela berarekin.

Hortaz, gure animo indartsuena deklaratzerat behartuak diren 6 herritarrei; ondoko mobilizazioetan ikusiko dugu elkar".