Iritzia eman nahi dugu!

 



Atzo, azaroak 20, herri galdeketak egitekoak ziren Baztanen (Erdizko parajean Magnesitas Navarras enpresak egin nahi duen mategiaren harira). Espainiako Gobernuak Nafarroan duen delegaritzak, ordea, galdeketak bertan behera uztera behartu zituen herritarrak.

Herritarrek beraien iritzia eman nahi dute. Hortaz, atzo goizean batzarrak egin ziren galdeketak egitekoak ziren herri guztietan (Baztango guztiak, Almandoz izan ezik) Orotara, 500 pertsona inguru bildu ziren.

Arratsaldean, berriz, elkarretaratze bat egin zen Elizondon. Ixabel Alemanek, Amaiurko alkateak, idatzi bat irakurri zuen eta, jarraian, bertaratu guztiek sinbolikoki bozkatzeko aukera izan zuten (ordu erdi inguru behar izan zen guztiek bozkatzeko). 750 pertsona inguru hurbildu zirela estimatzen da.

Jarraian goizeaz eta arratsaldean irakurri ziren testuak bere osoan pasako dizkizuegu hurrenez hurren:

(1)

Dakizuen bezala, Baztango Batzar Nagusia bi aldiz saiatu da herritarrek Magnak Erdizeko Bazkaleku komunalean egin nahi duen harrobiari buruzko iritzia jasotzen eta bi saiakera hauek debekatuak izan ziren.

Bidegabekeria honen aitzinean, Baztango 14 herrietako alkateok gure gain hartu genuen herrietako galdeketen prestaketa. Alde batetik, ulertzen baikenuen Baztango ordenantzek galdeketa antolatzeko eskumena ematen zigutela, bertze alde batetik, ulertzen baikenuen gure herriari iritzia galdetu behar geniola eta baita iritzi hori plazaratu ere; baina, usteak ustel. Azaroaren 10ean, dena aldatu zen, Guarda Zibilak Elizondoko kuartelera konbokatu gintuenean, Gobernuak Nafarroan duen delegatuak bidalitako errekerimendua banan-banan jasotzeko. Bertan herrietako galdeketak egitea ukatzen ziguten, Baztango alkateok gure herrikoei galdetzeko eskumenik ez genuela adieraziz eta herrietako galdeketak eginen bagenitu, ondorio administratibo edota zibilak pairatzen ahalko genituzkeela jakinaraziz.

Gauzak horrela, alkateok gure artean luze eta zabal solastatu eta gero, aho batez, herrietako galdeketak bertan behera uztea erabaki genuen eta horrela jakinarazi genuen azaroaren 14an emandako prentsa aurrekoan.

Argi utzi nahi dugu herrietako galdeketa bertan behera uztearen erabakia, egoerak behartuta hartutakoa dela, gure gogoz kontra hartutakoa dela. Are gehiago, debekua erabat antidemotratikoa eta baztandarren eskubideen kontrako jazarpena dela gaineratu nahi dugu.

Baztandarrok herriko batzarren bidez beti izan dugu gure iritzia emateko eskubidea. Mendeetan zehar baztandar oro harro egon da bere herriaren funtzionamenduaz: herriko batzarren bidez, Junta Generalaren bidez, bere IRITZIA ematen ahal izan baitu. Zer aldatu da oraingoan? Alkateontzat, behintzat, deuz ez. Guk, alkateok, gure herrietan galdeketa egin nahi dugu, gure herriaren IRITZIA ENTZUN eta behar den lekuetan PLAZARATU nahi dugu. Guk, alkateok, gure herriko batzarren eta ordenantzen defentsa sutsua egin dugu, egiten dugu eta eginen dugu, hori baita herrietako alkateon egitekoa.

Hau guztia jakinarazi ondoren, alkateok Baztango herrietako batzarren babesa eskatzen dugu.

Berroeta, Aniz, Ziga, Irurita, Oronoz-Mugaire, Arraioz, Lekaroz, Gartzain, Elizondo, Elbete, Amaiur, Azpilikueta, Arizkun eta Erratzuko alkateak.

(2)

Azaroaren 20a dugu gaur. Berez, hamalau alkatek deituta, herri galdeketak egin behar ziren eguna. Ariketa erraza zen: Baztango ordenantzek ahalbidetzen duten gisan, alkateok herritarren iritzia kontsultatu behar genuen, Erdizeko bazkaleku komunalean okupazioa Magnari baimentzearen inguruan, alegia.

Nonbait, gauzak ez dira horren sinpleak eta, erabakitzeko eskubidea ebasteaz gain, iritzia emateko aukera ere kendu egin digute herri galdeketak debekatuta

Alkate inozoak gu, uste genuen garrantzitsua zela herritarren iritzia ezagutzea, beharrezkoa zela herritarrak entzutea.

Iduri duenez, baztandarron hitzak ez die axola Belaten bertzaldetik gobernatzen gaituztenei; parte-hartzeaz eta herritarren interesez ahoa betetzen duten mandatariei, hain zuzen.

Gaur, azaroak 20, inposizio franko Baztanen eta, hara ze paradoxa, urna bera sinbolo bilakatu zaigu, izan ere, eta hondar astean han eta hemen erran dugun gisan, IRITZIA EMAN NAHI DUGU!

Hortaz, akitzeko, Nafarroako Gobernuari zuzendutako galdera batekin bukatu nahi dugu: ez Batzar Nagusiak ez eta herrietako alkateok ere ezin badugu herri galdeketarik egin, nola egin behar du Gobernuak baztandarrok Magnaren meategi egitasmoaz dugun iritzia ezagutzeko?

Oinarrizko eskakizuna da, sinplea: IRITZIA EMAN NAHI DUGU!, ez bertzerik. Eta ez gara errepikatzeaz nekatuko: INPOSAKETARIK EZ, BAZTANDARROK IRITZIA EMAN NAHI DUGU!