Zaintza Lanak Baztan sortu da

 


Zahar etxea kudeatuko duen enpresa publikoa sortu berri du Baztango Udalak.

Uztailean egin zuen lehen horretarako lehen urratsa Baztango Udalak, zahar etxea enpresa publikoaren  bidez kudeatzeko enpresa publiko berriaren memoria teknikoa onartuz. EHBilduk eta Ezkerrak proposamenaren alde egin zuten, Navarra Sumak aurka eta Geroa Bai abstenitu egin zen.

Irailean berriz, Baztango Udaleko ohiko bilkuran enpresa publikoaren sorrerako kapital soziala onartu zuten, oraingoan EHBildu, Ezkerra eta Geroa Bairen aldeko bederatzi botorekin eta Navarra Sumaren kontrako hiru botorekin. Enpresaren kapital soziala osatzeko, 3.300 euroko aurrekontua onartua izan zen.

Eta, azkenekoz, urriaren 28ko plenoan zahar etxea kudeatuko duen enpresa publikoaren memoria teknikoa eta estatutuak behin betiko onespena emanez, enpresa publikoa martxan da, Zaintza Lanak Baztan izenarekin. Erabakiak EHBildu eta Ezkerraren 7 bozka jaso zituen, Navarra Sumaren aurkako 3 eta Geroa Bairen 2 abstentzio. Bertan, hauek izango dira administrazio kontseiluko kideak: Joseba Otondo eta Idoia Sobrino (EHBildu), Florentino Goñi (Ezkerra), Ruben Ziganda (Geroa Bai) eta Tasio Nagore (Navarra Suma).

Horrela, zaintzaren alorrean Baztanen aurrikusitako hainbat aldaketa garatzen ari dira, batetik kudeaketari dagokionez, eredu publikoaren aldeko apostua eginez, eta bestetik, zahar etxearen  berrikuntza erabatekoaren inguruko urratsen bitartez.

Egun, IDEA enpresaren esku dago zahar etxearen kudeaketa, eta azken hilabeteetan hainbat liskar izan ditu enpresa honek bertako langileekin, bereziki lan hitzarmenaren inguruan, zeina denbora luzez kaxoi batean giltzaz itxita eduki duen IDEAk, berritzeko inolako aukerarik eman gabe langilegoari. Horren ondorioz, hauek greba eta hainbat protestaldi burutu dituzte 2021ean zehar. Oraindik langile batzordeak ez du adostasunik erdietsi enpresarekin gai honen inguruan.

IDEAk zahar etxea 2023a bitarte kudeatzeko kontratua du indarrean eta udalarekin negoziaketetan ari da; udalaren asmoa litzateke, azken plenoko erabakiarekin aurrera eginez, Zaintza Lanak Baztan enpresa publikoa lehenbailehen zahar etxearen kargu egitea, 2023ra arte itxaron gabe. Negoziazioak ordea, oso motel doazela dirudi eta bi aldeak oso urrun daudela elkarrengandik. Enpresaren nahia litzateke, kontratua amaitu aurretik joan behar izatekotan, diru kontrapartida eskuratzea horren truke. 

Guztiarekin, aldaketa handiak datoz Elizondoko zahar etxera eta ikusteke dago aldaketa hauek nola bideratu ahal izango diren, liskarrekin edo liskarrik gabe. Gaurkoan baina, berri oso on bat dakarkigu Arranbelara, enpresa publiko berri baten sorrera, zeina zahar etxeaz arduratuko den, gure aitatxi eta amatxien zaintzari lehentasun erabatekoa emanez eta, enpresa pribatuen kasuan ez bezala, diru etekinik bilatu gabe zaintza horren kontrapartida gisa, zerbitzu sozial eta publikoa eskainiz, azken finean. Erabateko pribatizazioaren eta kapitalismo basatiaren garai hauetan oso aintzat hartu beharreko erabakia eta datozen hamarkadei begira Baztango zaintza alorreko behar izanetan hainbat onura ekar ditzakeena.