"Dena eginda jaso nahi dugu eta galtzen ari da militantzia"




Albaro Soule eta Eider Bidegain antolatzaileak. (Argazkia: Dani Blanco/Argia)

Arizkun Rock jaialdiak bederatzigarren eta azken edizioa ospatuko du ekainaren 23an, eta dagoeneko iragarri dute kartela. IruƱeko Ibil Bedi taldea eta Olaia Inziarte oronoztarra izango dira gonbidatu ezagunenak, baina aurrez, bazkalondoa eta iluntzea Andoni Oilokiegik alaituko ditu. Ordu txikiak arte, berriz, Bines Katiko ariko da. Ohiko legez, doakoa izango da sarrera.

Nekea eta errelebo falta. Horixe argudiatuta jakinarazi zuen agurra Arizkun Rock jaialdiak martxoaren hasieran. Aurtengo edizioa izango da azkena. ARGIA aldizkariak elkarrizketa burutu berri du (Gorka PeƱagarikano Goikoetxearen eskutik) antolatzaile lanetan aritu diren Albaro Soule eta Eider Bidegainetik. Elkarrizketak zer pentsatua ematen duelako eta egindako hausnarketek duten interesagatik osorik eskainiko dugu Arranbelan:

"Hasierarik gabe ez dago amaierarik, eta amaierarik gabe ere ez hasierarik. Luzeagoa edo motzagoa izan daiteke bidea, baina bizitakoak uzten du arrastoa. Gustu gozoagoa batzuetan, garratzagoa besteetan. Ezeren gainetik, ordea, pozik dira Albaro Soule eta Eider Bidegain arizkundarrak, egindako lanaz harro. Amaiera iragartzeak ez baitu zertan tristea izan; erabaki propioa izan da amaitzea, gainera.

Mimo handiz zaindu dituzte artista gonbidatuak, eta haiek ere bueltan sentitu dira eskertuak. Herri txikia izanagatik ere –600 biztanlera ez da heltzen Arizkun, Baztango bailaran–, kontent dira duela ia hamar urte sortutako proiektuak fruitu gozoak eman dituelako. Pasa dira makina bat musika talde Arizkungo plazako oholtzatik. Edo “pasa” baino, “zainduta sentitu dira” antolatzaileek emandako tratuaren ondotik. “Zaintzen gaituzue edozein makrojaialditan baino hobe”; makina bat artistak halakoak esan dizkiete, hala oroitu du Soulek. Eta Bidegainek gehitu dio: “Musikariak ematen dira kontu zer balio ematen diegun tratuari eta zaintzari. Harreman ederra sortzen da, eta oroitzen dira gutaz. Eta guk, arras oroitzapen politak dauzkagu”.

ZIRTZILKERIA DIRUDIENA

Oinarrizkoa eta gutxienekoa izan zitekeen, baina hartu-eman horretan jabetu dira ezetz, zerbaitek berezi egiten duela Arizkun Rock jaialdia. Bertan egon ezean, zaila da ulertzen zer nolakoa den sortzen den giroa. Nolabait ere irudikatu ahal izateko: artista gonbidatuen gainean egoten dira festibalaren antolatzaileak, ongi etorri beroa egiten diete, elkarrekin egiten dituzte otorduak eta tratua oso gertukoa izan ohi da; funtsean, oroitzapen ederra uzten saiatzen dira. Artisten ikuspuntutik, uda hasiera betean, Baztango herri txiki batera joan eta halako goxotasuna jasotzeak bihur dezake berezi, emanaldia bera ez ezik, baita itzulerako bidaia bera ere. Hala esan izan diete, besteak beste, Esne Beltza taldeko kideek.

Gonbidatuei plazera eskaintzen ahalegindu dira urteotan antolatzaile izan diren kideak, eta uste dute lortu dutela, erreplika jaso dutelako. Soule: “Manager batek erran zigun haiendako zer berezia izan zen hemen jotzea. Halakoetan, beraien errealitatea izaten da, joaten direla kontzertu lekura, normalean erdi mozkortuta dagoen gazte batek esaten diela furgoneta non aparkatu, non desmuntatu gauzak, nora jo afaltzera... Eta tratu gutxi bestela”.

Baina horrela ibiltzeak nekatzen du. “Gauza horiek egitea” utzi ahal zutela dio Soulek, pentsatu izan du behin baino gehiagotan, eta hobe zatekeen akaso, horren ordez “lau gauzatxo prestatu eta parranda ederra egitea”. Baina ez: “Sartzen gara mundu horretan nahi dugulako”. Eta Bidegainek, are gehiago sakontzeko asmoz, oinarrira jo du: “Haien paperean jarrita: nola nahiko nuke ni tratatzea? Hortik abiatzen gara. Ez dugu eskainiko guk jaso nahiko ez genukeen zerbait”.

NEKEA, EZ SOILIK GOXO ZAINTZEAGATIK

Bidegain eta Soule dira Arizkun Rock jaialdiaren arduradunak. Gazte bi, ez gehiago eta ez gutxiago. Eta nekatu dira. Muntaketarako-eta jende gehixeago batzen dira, antzerako lan jakinetarako ere bai, baina faltan sumatzen dute zutabe sendo eta konstanteagorik alboan izatea.

Galdetu diegu, herri txikia izanagatik, ez ote den gazteen "exodorik" gertatu, ez ote dagoen Nafarroako Pirinioen kasuan gertatzen ari den husteko larritasunarik. Edo esaterako, ez ote duen Arizkungo gazteriak Elizondon edo Baztango beste herriren batean egiten bizia. "Apur bat" agian bai, baina ezezko argia eman dute: “Gazteak bagara herrian, 60 eta piko edo bai. Afera ez da hori; kontua da ez dela gauza asko egiteko gogorik”.

Zer gertatzen da, beraz? Laguntzera sartu direnek, antolakuntzara batu izan direnek, sartu bezala ikusten zutela zenbat lan zegoen atzetik, eta egin eta jaialdia bukatu ahala utzi egin dutela; hala diote bi elkarrizketatuek. Urtez urte errepikatu den joera da, antza denez. Soulek kasik urtez urte entzun duena hauxe izan da: “Beno Albaro, badakit ze lana den hau egitea, gustura egon naiz, baina ni banoa”. Badiote biek, edizioz edizio errepikatu den joera dela; azkenekoz, iaz. Urterik onenetan lau kide izatera heldu dira antolakuntzan, pare bat urtez edo; hiru lagun ere izan ziren hainbat urtez; orain, bien artean antolatzen dute jaialdia.

Belaunaldi kontua izan daiteke errelebo faltaren arrazoia. Erreleborik eza gertatzen da zenbait kasutan, edo ematen den erreleboa aski txikiagoa izatea aurretik zegoenarekin alderatuta, beste hainbatetan. Iritzi argia du Soulek: “Gaur egun dena eginda jaso nahi dugula. Ez dago lanik, ez militantziarik, eta galtzen ari da auzolanaren izpiritua ere bai”. Eta urrutira joan gabe, hainbat adibide ipini dituzte: Baztandarren Biltzarra antolatzen dutenek “ultimatum” moduko bat eman zuten aurtengo edizioari begira, erreleboa “exijituz” ondorengoei, eta azken orduan sortu da taldetxoa. Horrez gain, aipatu dute, Bilboko txosnetan ere badituztela ezagunak eta han ere, antza, arazoak dituztela taxuzko taldea osatzeko. Daudenek konpromisoa badaukatela diote, baina gutxi dira dauden horiek. "Eta jo, faltan nabaritzen da jendea. Zerbait zehatza egiterakoan, esaterako, beste bi esku, edo lau, edo sei –pentsa!–, ongi etorriko lirateke... Baina ez dago. Gure kasuan, gu biok geratu gara”.

Gazteak elkartu eta egin zuten bilera handi bat herrian, Arizkun Rocken jarraipenari buruz hitz egiteko. “Juntatu ginen 20-30 lagun, Eiderrek eta biok azaldu genuen azaldu beharrekoa, egoera nola zegoen, panorama makurra... Baina ez zen inor animatu. Gazteon Whatsapp talde bat ere badaukagu, eta hortik bota ditugu mezuak, baina inork ez digu deus erran”. 

Herriko bestak bai, gazteen artean antolatzen dira, baina badituzte bere berezitasunak Arizkungo jaiek. Daminausi delakoak txandatzen dira urtero. Lau gazte dira eta haien esku dago antolakuntza, gehien-gehiena bederen, kudeaketa lan gehienak egin, diru kontuak eraman eta beste. “Tradizio kontuak dira gehiago, eta ohituta gaude horretara, onartuta daukagu”, dio Bidegainek. Urtero aldatzen direnez, egokitu egiten denez ezkaratzeko edo elkarte gastronomikoko batzordeen antolaketa bailitzan, jendeak barneratuta dauka hala izan behar duela. “Eredu hori ez balego, ikusi beharko litzateke ea festak antolatzeko jendea batuko ote zen”.

MUSIKA ZABALIK, DENENTZAT

Badu berezitasun bat Arizkun Rock jaialdiak lekurik gehientsuenetako festibalekin alderatuta, doan eskaintzen dela. Bien artean esperientziarik handiena Soulek du, eta urteotan funtzionatzeko mila modu ezberdin bururatu izan zaizkion gisan, galdetu izan dio bere buruari zergatik ez duten txartel salmenta bi
dez funtzionatzen: “Errazagoa litzateke, finantzazioari begira, sarrerak saltzen jartzea; baina uste dut Arizkun Rocken kontzeptua aldatuko litzatekeela, guretzat musika zabalagoa, libreagoa eta handiagoa delako”.

Jaialdiaren kontzeptua ez ezik, herria erdigunean jarrita eta herriaren laguntzaz ospatzen dela jarri du oinarrian Bidegainek: “Ez dut imajinatzen herriko plazak itxita egon eta sarrera-irteerak kontrolatzea. Etxeko atean da kontzertua, herriko plazan; beraz, doan izan behar du”.

Herriko jaietan antolatzen da jaialdia. Egun bakarrekoa izaten da, jaiez gaindiko egitarauarekin, baina festa girorako eskaintza bakarra, egun horretan, Arizkun Rock izaten da. Hiruzpalau musikari edo musika talde oholtza gainean izaten dira, arratsaldetik hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte. Udako egun beroenetan nahiko hilik behar lukeen herriari bizipoza eta hauspoa ematen dizkiote gazteek. Horregatik ere, doan behar du izan festibalak. Eta ez zaie axola zenbat jende hurreratzen den, musikaz goza nahi duenak hor baitu aukera. Jende asko, gainera, herriko bestak direlako gerturatzen da.

GERTURATZE HUTSA, GUZTIEN MESEDERAKO

Bidegainek dio “arras kontent” daudela horregatik ere: “Herriko ostatu, benta, landetxe eta jatetxeek estimatzen dute turismo apurtxo bat izatea, nahiz eta noski, Erratzu eta Xorroxingo mailatik oso urrun egon. Azken hauek betetzen dira udan; gurea hustu egiten da. Behintzat, astebetez bada ere, bizi apur bat egoten da gure herrian”.

Bulkada, dena den, aldebikoa ere bada, Arizkun Rocken finantzazio iturri handia izaten direlako bertako negozioak. Doakoa den gisan, jaialdiaren filosofiarekin bat dator Soulek dioen honako hau ere: “Autogestioan oinarritzen gara, ez dugu diru-laguntzarik jasotzen, baina jakitun gara ezinbesteko zutabe direla herriko negozioak. Lehen aipatutako tratua eta zaintza ere badaude hemen: joaten gara haiengana, nagusiarekin hitz egiten dugu, azaltzen diegu proiektua, nortzuk garen, zer asmo dugun, ze garrantzia duen Arizkungo herriarentzat, bailararentzat... Uste dut horrek ere merezi duela”.

Balioak aldarrikatzen dituen jaialdi txiki-handiak agur esango dio ibilbideari, eta ez dute beraz, berriz, udazkena heldu aldiro hurrengo ekainari begira jarri. Deskantsua hartuko dute momentuz, baina badute erronka txiki bat –edo balizko erronka bat, bederen–, epe motz eta ertainari begira: aukera zabaldu zaie ikus-entzunezko dokumentala egiteko Arizkun Rocken ibilbidearen inguruan."