EHBilduren kanpainako ekitaldi nagusia


 


Pasa den larunbatean hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia egin zuen EHBilduk Elizondon, Laura Aznal lehendakarigaia eta Fernando Anbustegi Baztango alkategariarekin. Eguraldi txarraregantik plazan egitekoa zen ekitaldia Braulio Iriarte pilotalekura leku aldatu behar izan zuten, baina aldaketa ez zen traba izan jendea biltzeko eta giro ederra sortzeko.

Hitz hartze nagusien aitzinetik Maren Altzuart arizkundarrak eta Kattalin Arizmendi elizondarrak ekitaldia girotzeko edukiz eta lirismoz beteriko kantu eta poesia eskaini zuten. Ondotik Fernando Anbustegi Baztango alkategia mintzatu zen, jendeen beharretan pentsatutako proposamenak aurkeztu zituen, orain artio emandako pausuak ondokoekin uztartuz, zerbitzu publiko sendoak horretarako berme gisa aurkeztuz. Horrela, haur eskolaren gestioa publifikatu izana aipatu zuen eta herrietako eskolak zaindu beharra ere bai. Etxebizitza politika publikoa aldarrikatu zuen gazteei eta sektore guztiei bizitegia bermatzeko eta adinekoei buruz zahar etxearen berritzea eta publifikatzioa aipatu zituen. Berritzearei buruz lehenengo fasea egiteko EHBilduk Madriletik ekarritako 4 milioi euroak aipatu zituen eta publifikazioari buruz, herritarrek boto aski emanez gero heldu den urteko maiatzean, oraingo kontratua akitzekin zahar etxearen kudeaketa publifikatu duela erran zuen. Horretarako, Baztango Udalak iaz sortutako Zaintza Lanak Baztan enpresa publikoaren eraketa nabarmendu zuen.

Gainerakoan Aroztegia eta Erdizi buruz herritarren erabaki ahalmena azpimarratu zituen. Aroztegiari buruz herritarrek gelditu zutela nabarmenduz eta Erdizi buruz, EHBildu dela Erdizen defentsarako berme seguru bakarra.

Bertzalde, Aznalek azken legegintzaldietan Baztango Udalean aritu diren EH Bilduren udal-gobernuak zoriondu nahi izan ditu, “lurraldean sustraitutako, ingurumena errespetatzen duen eta justizia soziala bilatzen duen tokiko garapen jasangarria bultzatzeko” egindako lanagatik.

Hala, EH Bilduko hautagaiak bere alderdiak datorren legegintzaldian ere lurralde kohesioari emanen dion lehentasuna aipatu du. “Gure erronka handienetako bat despopulazioari aurre egitea eta Nafarroa egituratu eta kohesionatu baterako lurralde-garapen orekatua bermatzea da”, erran du, eta horretarako “Tokiko Mapa osoa garatuko duen ikuspegi integrala” behar dela gaineratu du, “eskualdeak eratzetik hasi eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuz”.

Aznalek azaldu duenez, “Baztan gure tokiko garapen ereduaren erakusgarri ona da, eskualdearen berezitasunetan, potentzialean, eta baliabideen optimizazioan oinarritutako eredu sozio-ekonomikoa bultzatzen baitu”.

Ildo beretik, adierazi du “Nafarroak elikadura-subiranotasunerako trantsizioa” ere jorratu behar duela, nekazaritzako eredu autonomoagoak eta iraunkorragoak bilatuz, jendearendako osasungarriak eta bidezkoak diren elikagaiak sortzeko”. Gaineratu duenez, “baliabide naturalekin lotutako eta enplegua sortzen duen sektorea izan behar du, gure arraza eta barietateen ondarea eta gure paisaia-aniztasuna mantenduko duena”.

Azkenik, EH Bilduren hautagaiak salatu nahi izan du Erdiz eta Aroztegia bezalako proiektuetan PSISak “modu iruzurtian” erabili direla, eta “gauzak nola ez diren egin behar erakusten duten adibide argia” direla adierazi du, “lurraldearekiko eta bertako biztanleekiko erantzukizun falta adierazten duelako, aitzinamendua ulertzeko modu zaharkitua izatearekin batera”. Hori dela eta, “udalez gaindiko plan sektorialen erregulazioa aldatzea” proposatu du, erregulazio horren “interpretazio makur eta interesatuak saihesteko eta PSISak lurraldearen antolamenduari laguntzeko tresnak direla bermatzeko, eta ez toki-erakundeei normalki dagozkien eskumenak kentzeko".