ERDIZEN AZIENDENDAKO KORLEA EGIN DU BAZTANGO UDALAK

Erdizeko bazkaleku komunaleko nekazariekin  urtero egiten den bilkuran Pitzamar alderdian aziendendako korlea egitea behin eta berriz eskatu izan da. Aitzineko urteetako aurrekontu murritzarengatik orain artio ezin izan da egin; modu horretan, 2016ko azaroaren hondar aldean hasi eta abenduaren erdi alderat akitu dira hiru astez luzatu diren lan hauek. Korlea aziendak bildu eta markatzeko egin da, txertoak emateko eta eri diren azienda buruak tratatzeko. Korleak 15 x 8 metro neurtzen du eta akazia esolekin egin da. Gainera, aziendak korlerat bildu ahal izateko 200 metroko hesidura egin da. Halaber, korlearen zola berdintzeko mendiari ebaki bat egin zaio. Lanak Harri-lanek egin ditu eta, denera, 15.391 euroko kostua izan du.

Erdizeko bazkaleku komunaleko nekazariekin ondoko bilkura martxoaren 3an eginen da eta, bertan, urteko lanen balorazioa egiteaz gain ingurua mantendu eta hobetzeko proposamenak bilduko dira.