ASKAPENAK LATINOAMERIKARI BURUZKO DOKUMENTU INTERESGARRIA PUBLIKATU DU

Dokumentu honen bitartez, gaur egun Latinoamerika jasaten ari den egoera ezegonkorraren analisia egiteko gakoak eskaini ditu ASKAPENA kolektiboak. LATINOAMERIKA BIDEGURUTZEAN

Historian zehar kontinente honetan eman diren prozesu politikoek markatu dituzte, besteak beste, gure erakunde internazionalistaren praktika eta lehentasun politikoak, hala nola, 60ko hamarkadako Kuba iraultzaileak, 80ko Erdialdeko Amerika errebeldeak, 90eko indigenismo zapatistak eta XXI. mendean indartutako iraultza bolivartar eta kontinentalak. Hori guztiagatik, beharrezkoa eta premiazkoa ikusten dugu irakurketa hau egitea, esperientzia horien balantze zehatzik egiteko asmorik gabe, baina Latinoamerikako herri errebeldeen gaur egungo egoeraren kritika egiterakoan errealitate hauek kontuan hartuaz. Zentzu honetan, gure ustez, tokiko oligarkiek eta Europa eta AEBen inperialismoak kontinenteko borroken zikloa behin betiko ixteko egiten dituzten ahaleginetan dago egungo egoera ulertzeko gakoa.

Borroka ziklo honen hastapenetatik indarrean dagoen berrezarpen inperialista eta neoliberalaren proiektuak azken fasean sartzeko aukera eta beharra topatu ditu, barne-arrazoi eta, bereziki, kanpo-arrazoi desberdinak direla eta. Planteamendu honen helburu estrategikoa bere atzeko patiotzat duenaren gaineko kontrol absolutua da; eta horretarako, Latinoamerikaren integrazio eta burujabetza prozesu historikoaren motor politiko, ekonomiko eta ideologikoa izan dena, Venezuela bolivartarra, suntsitzea funtsezkoa da. 

Beraz, gaur egungo egoeraren gakoak ulertzeko, lehenik eta behin, neoliberalismoak azken herriborroka zikloa hastean jasan duen porrot politikoideologiko historikoari erreparatu behar diogu, herri mugimendu eta herri gobernuek errotik aldatu dituzten kontinente mailako indar korrelazioen inguruan hausnartuz. Abya Yalako herrien aurrerapen historikoari errepasoa egin ondoren, inperioak martxan jarritako kontraerasoak aztertzeari ekingo diogu; izan ere, egungo mundu mailako kapitalismoaren krisi estrukturalaren markoan, inperioak Latinoamerikako herri sektoreek bereganatutako botere-guneak behin-betiko berreskuratzeko beharra baitu. 

Bukatzeko, alde batetik, borroka ziklo horretatik jasotako irakaspen nagusiak, eta bestetik, Euskal Herriko praktika internazionalistarentzako lehentasun izan behar duten ekintza ildoak azalduko ditugu.