Landa eremuaren etorkizunerako alternatiba





Baztan-Bidasoako Ernaik eskualdera begirako dinamika berria jarri du martxan, landa eremuaren inguruan etorkizunerako herri alternatiba gisa irudikatu duena. Ekimenaren inguruko txartela eta bideoarekin batera, jarraian aurkezten dizuegun irakurketa ere plazaratu du: 

"Euskal Herriak, eta bereziki Baztan-Bidasoa bezalako landa eremuko eskualdeek, aldaketa nabarmena jasan dute azken hamarkadetan. Urte aunitzetan zehar, herritarren lehentasunezko elementu izan da landa eremua bera, izaera propio bat garatu baitu lehen sektoreaz baliatuz eta herri kohesioa mantenduz. Hala ere, globalizazioak eta egungo sistema kapitalistaren hedapenak erabat irauli dute garai bateko bizimodua, komunitate izaera deuseztatuz eta herrietan bizitza duina izateko aukerak urratuz. Baztan, Malerreka eta Bortzirietan, erraterako, landa eremuan orokortua dagoen bilakaera honen ondorioak pairatu ditugu.

Eskualdean, lehen-sektoreak zuen garrantzia gutxituz joan da, lehen sektoreko krisiaren eraginez. Makro-ereduak gailenduz joan dira, abeltzain eta nekazari txikiei trabak jarri zaizkien bitartean. Tokiko garapenari ateak ireki beharrean, Aroztegia eta Erdiz merkatu-logikaren baitako proiektu txikitzaileak inposatu nahi izan dizkigute.

Gure herrietako zerbitzuak galduz joan direla ere ikusi dugu; tokiko dendak itxi dira, osasun-etxeetan zerbitzua emateari utzi diote, herrietako eskola txikiak itxi dituzte... Orokorrean, herriko bizimodua sostengarria izatea ahalbidetzen zuten oinarrizko zerbitzuen galera eman da eta turismo basatia sustatzeko zerbitzuak indartu egin dira.

Honetaz gain, gazteok eskualdean bizi proiektu bat aitzina eramateko beharrezkoa dugun etxebizitza sarbidea ez zaigu bermatzen. Hau guztia, Baztan-Bidasoako etxebizitza hutsen ehunekoak Nafarroako etxebizitza hutsen ehunekoa bikoizten duen bitartean.

Zer erranik ez gure eskualdeko mugikortasun problematikaz. Izan ere garraio publikoaren gabeziak eta horrek sortzen duen autoarekiko dependentziak are gehiago zailtzen du herri txikietan bizirauteko aukera.

Laburbilduz, enplegu gabeziak, etxebizitza problematikak, zerbitzuen galera edo urruntasunak eta konektagarritasun oztopoak, erabat baldintzatu dute Baztan Bidasoaren etorkizuna. Azken datuek erakutsi bezala, Euskal Herriko biztanleriaren ia erdia zazpi hiri handienetan bizi da; agerian utziz, hirietako biztanleria hazten ari dela herri txikiak hustuz doazen heinean.

Baina egoera honen aitzinean, eskualdeko gazteoi egoera irauli eta Baztan Bidasoako bizimodua bizigarria izan dadin alternatiben inguruan hausnartzea eta hauek borrokatzea dagokigu. Kontzientzia hartu, bertzelako eredu eraldatzaileak landu eta arduraz jokatzea dagokigu.

Honengatik guztiagatik, Baztan-Bidasoako Ernaiko kideok eskualdeko problematika zehatza landuko duen dinamikan murgilduko gara. Herria bizi dadin, herritarrok egin behar dugulako ekarpena".