
Otsailaren 27an, EH
Bilduk M8aren inguruko mozioa sartu zuen Baztango Udalean. Hementxe aurkeztutako adierazpen hau aho
batez onartu zen:
Azken urteotan
martxoaren 8a egun apoteosikoa izan da zalantzarik gabe. Sekulakoa. Emakumeok
planto eginez gero mundua gelditu egiten dela erakutsi dugu. Baina hau guztia ez
da ezerezetik sortu; euren eskubideen alde emakumeek urte luzeetan eginiko
borrokaren ondorio da. Ikasi dugu, gaurko borrokak berriak izan
beharrean,aspaldikoak direla.
Hain zuzen ere,
orain 25 urte finkatu zuen Beijingo Ekintza Plataformak inoiz lortzen ez dugun
berdintasunera iristeko bide-orria; erronka berriak ditugu aurre egiteko, tinko
eustera behartzen gaituztenak emakumeen eskubideak eta askatasunak mugatzeko
mehatxu ororen aurrean.
1995eko Beijingo
Konferentzian, hain zuzen, hasi zen instituzionaltzen genero terminoa, ulerturik
funtsezko tresna zela egiturazko desparekotasunarekin loturiko egoerei
heltzeko, ikusarazteko eta horietan esku-hartzeko. Generoa, aztergai gisa, eta
genero-ikuspegia, emakumeok gaur oraindik aurrean ditugun desparekotasunak eta
bazterkeriak identifikatzeko metodologia modura, funtsezko elementuak dira
egiaz berdinzaleak eta demokratikoak izanen diren gizarteak erdiesteko.
Mugimendu
feministak eta berdintasunaren aldeko politika publikoek erabiltzen dituzten kontzeptuak
zalantzan eta kolokan jartzea oztopo dira berdintasunaren oinarrizko eskubidea erdiesteko
bidean. Eta gainera, feminismoaren aurkako eraso zuzena dira; feminismoa ez da moda
iragankor bat, bide bat baizik, eta iragana duen modu berean -horri esker gaude
gaur gauden tokian- etorkizuna ere izanen du, ezinbestean.
Horregatik gaur,
martxoak 8, geldiune bat egin nahi dugu gure ibilbidean, orain arte egindako bideak
ikasi eta aintzatesteko, gure aurretik izan direnen esperientzia gure atzetik
datozenen gogo biziarekin jarraitzeko.
Izan zirelako
jarraituko dugu!
Horregatik, gaur,
izan zirenak omendu nahi ditugu, eta utzi ziguten ondarea eskertu.
Gaur emakume horiek
utzitako aztarnak aintzatetsi nahi ditugu, bai eta historiak gorde zien patu
ilunaren aurrean hartu zuten jarrera ere.
Honaino ekarri
gaituen memoria historikoa aldarrikatzeko beharra sentitzen dugu gaur, mendeetan
zehar isilarazpenaren eta ahanztura sistematikoaren biktima izan diren emakume horiek
guztiak gure artera ekartzekoa. Gure esker-onik sakonena, haiei esker,
bakoitzak bere tokitik, mikroan, makroan, arlo pribatuan zein arlo publikoan
emandako EZ hura euren aldeko BAI bat bihurtu zelako, baita gaurko emakume
guztion aldeko BAI bat ere.
Horregatik
guztiagatik, toki-erakunde garen aldetik, HONAKO KONPROMISO HAUEK adierazi nahi
ditugu:
- Tokian-tokian
lidergo argia eta konpromiso sendoa hartzea gizon-emakumeen arteko berdintasunaren
giza-eskubidearen alde.
- Begirada berri
bat bermatzea politika publikoetan berdintasun printzipioa txertatzea ahalbidetzeko.
- Gure
udalerrietako emakumeen errealitate zehatzak ikusarazten eta egun indarrean jarraitzen
duten desberdintasun adierazpen guztiei dagokien neurria ematen jarraitzea.
- Mugimendu feministari
laguntzea bere borroka eta eskaeretan.
- Aintzat hartzea
genero-berdintasuna justizia sozialaren eta giza-eskubideen ikuspegi partekatua
dela. Gizon-emakume guztiok dugu zerbait egiteko erantzukizuna, baina batik bat
gobernu eta administrazioek, eurak baitira eskubideen bermearen erantzule nagusiak.