Erdiz Bizirik-en idatzia Baztango Mendigoizaleei



Erdiz  Bizirik plataformak Baztango mendigoizaleei idatzia helerazi die, egoera zein den eta bere asmoak azalduz. Jarraian azaltzen dizuegu:  

"Baztango mendigoizale:

Erdiz Bizirik plataformatik mendirik gabe bizi ezin zaretenoi zuzentzen gara, Erdizen Magnsesitas de Navarrak burutu nahi duen proiektuari buruz eta plataformatik mendia bizirik eta osasuntsu mantentzeko abiatu dugun kanpainaren inguruan bidelagun izateko eskaera egiteko. Argi baitugu mendizale eta nekazariak direla, mendia zaindu eta babesteari lehentasuna ematen dioten neurrian, Erdizen defentsan ezinbertzeko aliatuak. 

-Baztanen banatutako eskuorrietan erran bezala 2019ko ekainean Magnesitas de Navarrak Nafarroako Gobernuko Ingurumen sailean memoria bat aurkeztu zuen, berriz ere, Baztango Erdizko parajean magnesitako meategi bat eraikitzeko asmoarekin. Hurrengo hilabeteetan enpresak proiektua aurkeztuko du eta alegazioak egiteko epea irekiko da. 

-Aurkeztutako memorian Magnesitas de Navarra multinazionalak 90 hektareako aire zabaleko meategi irekia egitea proposatzen du. Baztango bi tontor ezagun suntsitu, parajea zabaltasun haundi batean zapuztu eta GR10 desbideratu nahi dute. 

-Bertze gauzen artean, enpresak ustiaketa lur azpitik egitea beraientzat "bideragarria" ez denez kanpotik egin nahi dute, horrek ekarriko lukeen hondamendia aintzat hartu gabe. Kalte ekologikoak ere ikaragarriak izanen dira Natura 2000 sarean dagoen eremua xehatu nahi baitute. Iturriak galtzea, uraren kutsatzea, espezie babestuen desagertzea,... Azken finean, gure lurra eta baliabide naturalak eraman eta baztandarrendako kalteak eta hondakinak utzi nahi dituzte. 

-Pasaia mantentzearen oinarri den nekazaritzari ere kalte izugarriak ekarriko lizkioke proiektu honek. Oroitarazi behar dugu bazkaleku hau ezinbertzekoa dela Baztanen nekazari gehienak aitzinerat ateratzeko, baino batez ere nekazari profesionalendako. 

-Magnesitasek lehen ere erakutsi du Baztanera bere proiektua inposatzera heldu dela. Bertako ordezkari politikoen borondatea erosi nahian, herritarren parte hartzearekin egindako udal plana baldintzatu nahian, Baztango mugak aldatzeko ahaleginak eginez, eta Natura 2000 eremu babestuan legez kontrako proiektua UGPSa (PSIS). 

-Horregatik ezinbertzekoa egiten zaigu Baztango Mendigoizaleak bezalako eragile sozialekin saretzea eta borroka honetan elkarlanean aritzea. Magnesitas de Navarra eta Nafarroako Gobernuaren aitzinean argi utzi nahi dugulakoz proiektu hau Baztanendako zein Nafarroa osorako kaltegarria dela. 

-Zuen babesa eta konpromisoa eskatzen dugu beraz, hurrengo hilabeteetan antolatuko ditugun ekimenetan parte hartu eta gure lurra defenditzen elkarrekin aritzeko. 

Gure lurraren osasuna, gure etorkizuna "